Joan eduki nagusira

“El siglo de oro del caballo español y los albéitares” liburua argitaratu berri dute Espainiako Albaitaritza Zientzien Errege Akademiako hiru ikertzaile eta kidek: Jose Antonio Mendizabalek –Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna eta IS-FOOD institutuko ikertzaile–, Miguel Ángel Vivesek eta Maria Cinta Mañék –Extremadurako Unibertsitateko irakasle erretiratuak biak–. Ediciones Imanguxara argitaletxeak argitaratu du, albaitaritzaren historiari buruzko sailean, eta “nagusiki XV. eta XVI. mendeetan ‘albeitar’ hispaniarrek (albaitariak) hispaniar zaldi ospetsuaren arraza-hautespenean zer paper garrantzitsu baina askotan isilarazia izan zuten argitzen du”.

zoom Argitalpenaren azala.

Argitalpenaren azala.

Liburuaren helburua albaitaritzaren historia hobeto ezagutaraztea da, eta, horretarako, Alfredo Gómez Martínez albaitariaren testu batez baliatzen da, zeina amaitu gabe gelditu baitzen egilearen heriotza tarteko. Lan honek arraza-hautespenaren prozesu osoa jorratzen du, Espainiako Koroatik hasi eta herrialde osoko udaletaraino, eta zer neurri hartu zituzten zaldi onak hornitzeko gerra-makina moduan, eta zer aukera ematen zituen zaldiak goi-mailako opari moduan emateko.

262 orrialdeko argitalpenak bi atal nagusi ditu: batetik, zaldi espainiarra hautatzeko prozesua, eta, bestetik, Espainiako albaitariek, arlo horretako teknikari bakarrek, prozesuan zer inplikazio izan zuten azaltzea, kontu ezezaguna baita. Testuak dioenez, “'albeitar’ izeneko horien zereginak ekidoen eta beste espezie batzuen ferraketa eta medikuntza-jardun ohikoak baino zabalagoak ziren, eta lehenbiziko aldiz aukera dugu haiei buruz froga dokumentaletan oinarritutako ikuspegi bat izateko, haien gaitasunei, zereginei eta funtzio sozialari buruzkoa, eta, era berean, XV. eta XVI. mendeetako albaitaritzari buruz lehen ezagutzen ez genuen informazio ugari izateko”.

Albeitarrak

Espainian, Erdi Aroaren amaieratik XVIII. mendera arte, animalien zaintzako adituak ziren batetik albeitarrak (arabierazko “b'aitar” hitzetik eratorritako hitza, zaldien medikua esan nahi du) eta, bestetik, armadako animaliez arduratzen ziren albaitari militarrak, Aragoin “mariscal” eta Katalunian “menescal” esaten zaienak.

XV. mendera arte, albaitaritzan aritzeko lizentzia gremio profesionalen ardura zen, baina 1500. urtean Errege-erregina Katolikoek pragmatika bat aldarrikatu zuten, eta haren ondorioz, albeitar aritzeko ezinbesteko baldintza zen azterketa batzuk gainditzea Protoalbeiterato Epaimahaiaren aurrean. Errege-erreginek izendatzen zituzten epaimahai horretako kideak, normalean mariskalen eta meneskalen eta errege zalditegietako ferratzaileen artetik.

1972an, Albaitaritzako Errege Eskola sortu zuten Madrilen, albaitaritza-ikasketak ematen zituen lehenbiziko zentroa; gobernuaren Gerra Arloaren menpekoa zen eta irakasleek armadako mariskalen prestakuntza zuten.